BERBERETXOAK ESKABETXEAN

Osagaiak

  • 2 kg berberetxo, uretan garbituak
  • 20 koilarakada ardo zuri
  • 2 tipulin eder, zerrendatan moztuak
  • 8 baratxuri xister, osorik
  • Erramua, hosto fresko bat
  • 10 koilarakada oliba olio
  • Piperbeltza, ale batzuk
  • Koilarakada bat piperrauts gozo
  • Koilarakada erdia piperrauts min
  • Litro laurdena oliba olio birjina
  • Litro laurdena sagardo-ozpin
  • Gatza

Errezeta


Kazola handi bat sutan jarri, koilarakada batzuk oliba olio isuri eta tipulinak, erramua, piperbeltza eta baratxuriak jarriko ditugu su eztian frijitzen, 10 bat minutuan. Berberetxoak kazolaratuko ditugu orduan, ardo zuriarekin batean. Laster irekiko dira berberetxoak. Kazolatik atera eta epeltzen utziko ditugu kanpoan. Kazola zukua murrizten utziko dugu une batzuetan, barazkiekin batera, eta piperrautsa erantsiko dugu gero. Nahasi eta, oliba olioa isuri ostena, sagardo-ozpinaren eta ardo zuriaren txanda izango da hurren. Irakin eta beste 8 bat minutuan utziko dugu dena egosten, ozpinak indarra gal dezan. Sua itzali eta epeltzen utziko dugu ondoren eskabetxea. Une horretan kazolaratuko ditugu berberetxoak, lehor ez daitezen (hutsik geratutako oskola kenduko diegu aurrez berberetxoei). Hozten utziko dugu guztia.

Hoberena dugu dena prestatu eta jakiari gutxienez 12 orduz epeltzen utzi ostean ohore egitea. Berberetxoak behar bezala bustiko dira ordurako zuku horretan. Patata egosi batzuk izan daitezke lagungarri ona: eskabetxearen barazki eta zukuarekin onduko ditugu, gatz pixka batekin.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?