ARKUMEA EZTIZ GOZATUA

Osagaiak

  • 1,5 kg arkume (umeri edo bildots), puska ederretan zatitua
  • Litro eta erdi ardo zuri
  • 2 tipulin, pikatuak
  • 2 piper txorizero, irekiak
  • Tomate bat, pikatua
  • Azenario bat, pikatua
  • Eskukada bat perrexil zurtoin
  • Baratxuri-buru bat, osorik eta garbi
  • Ura
  • Koilarakada bat ezti
  • 5 koilarakada oliba olio

Errezeta


Ongi sartuko diren kazola batean jarriko dugu arkume puskak, ahuspez. Haien gainean ipiniko ditugu tipulinak, tomatea, azenarioa, piperrak, perrexil-zurtoinak eta baratxuriak eta olio eta ardo zorrotadak isuriko ditugu. Bi orduz edukiko dugu guztia hozkailuan, ukitu gabe.

Epe horren ostean, isurkariaren erdia erretiratu eta beste hainbeste ur erantsiko dugu. Estali eta su ezti-eztian jarriko dugu kazola, arkumea xamur gelditu arte, hau da, 90 bat minutu irago arte. Egina dagoen frogatzeko, haragiak xamur egon beharko du (hatzez sumatuko dugu hori).

Egosi eta gero, kazolatik aterako dugu arkumea, eta egoste-saldatik bereiziko ditugu barazkiak. Saldari erantsiko diogu aurreneko marinadatik gorde dugun erdia. Saltsa maneatzeko, su ertainean jarriko ditugu barazkiak (perrexila izan ezik) potxatzen, 5 koilarakada oliba oliotan, ongi izerditu eta ilun gelditu arte. Hiru aldiz erantsi eta urrituko dugu marinadaren salda. Turmixean xehatu eta, txano batetik irago ondoan, eztia erantsiko dugu. Irakiten jarriko dugu guztia.

Maneaturiko arkume pusken gainean iragaziko dugu ondoren saltsa, eta ordu erdian edukiko dugu guztia irakiten. Gatz-puntua neurtu eta zuzenduko dugu gero. Pausatzen eduki ondoren, berotu eta mahairako prest edukiko dugu arkumea.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?