UNTXI BESO KONFITATUAK

Osagaiak

  • 16 untxi beso fresko
  • Litro erdia oliba olio
  • Litro erdia ur
  • Oilo salda kontzentratua, pastilla bat
  • 10 baratxuri ale
  • 100 g hirugihar ketu, dadotan

Errezeta


Kazola zabal bat sutan jarri eta, tanta batzuk oliba olio isuri ondoren, erantsiko ditugu hirugihar dadoak eta baratxuri aleak. Biraka erabili eta olioa, salda-pastilla eta ura gaineratuko ditugu. Egos dadila guztia. Irakiten hasi orduko eztituko dugu sua, apalenera eramanez. Untxi besoak sartuko ditugu orduan: estalirik geldituko dira. Hala ez bada, ur eta olio gehiago isuri. Ordu pare batean edukiko ditugu horrela, tenperatura berean eta irakiten utzi gabe, haragia hezurretik bereizi dela ikusi arte. Egosi diren saldan utziko ditugu hozten. Jan aurretik xukatu eta mikrouhinetan berotuko ditugu, edo allioli saltsarekin, entsalada batekin edo ogitartekoan jango ditugu.

Oliba olioaren ordez ahate koipea, eta saldaren ordez ura, erabil dezakegu. Egostearen hasieran ezkaia edo erromeroa ere erantsi ahal izango dugu (adaxka batzuk), haragia lurrintzearren. Besoa da untxiak konfitatzeko duen alde goxoena, gelatinatsuena. Besoak beren horretan eskuratzeko modurik ez badugu (harakinak ez ditu behar bada solterik salduko), atzeko hanka logiagoak ere konfitatu ahal izango ditugu. Tomatearekin edo parrillan errerik jango ditugu solomoak.

Osorik ere konfita genezake untxia, baina lehorrago geratuko zaizkigu solomoak.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?