Osagaiak
Errezeta
Garbitu eta prestatuko ditugu usoak. Osorik lumatu eta gero kenduko dizkiogu lumatxo pixar txikiak. Garretan erreko dugu ondoren azala, lumaren arrastorik geldi ez dadin. Burua eta apoak kenduko dizkiegu ondoren. Erraiak aterako dizkiegu gero, kontu handiz, hesteak sabelaldeak urratu gabe erauziz. Hegalen muturra kendu eta lepoa moztu. Gatz-pipertu egingo dugu haien barrua eta, ondoren, listariz lotuko ditugu usoak: hankei ongi eutsirik eta paparrak egoki estutuz.
Lau usoak eroso sartuko diren kazola apal batean jarriko dugu gurina urtzen, baratxuriekin batean, eta ondotik ipiniko ditugu usoak. Alde guztietatik gorritu ondoren, aluminio-paper batean bildu eta 5 minutuan edukiko ditugu pausatzen. Kazolaren hondoan gelditu den zukuari ozpina erantsi eta, zapore azkarra kentzeko, irakitan eduki eta gero, ziapea eta perrexila ere gaineratuko dizkiogu. Gatz-puntua zuzenduko dugu ondoren.
Usoak moztuko ditugu, 8 hanka eta 8 papar bereiziz. Erretilu bero batean edo plater bero batzuetan banatu eta zuku egin berriaz bustiko ditugu. Uso errearen hankak oso gogor geratu ohi dira. Aukera bat da paparrak baino ez erretzea eta hankak saltsan maneatzea. Halatan, paparrak errerik eta hankak saltsan zerbitzatu ahal izango ditugu. Ez da makala, gero, egin beharreko lana!