XAPO ERREA TXIRLEKIN

Osagaiak

  • Xapo eder bat edo bi ertain, 4 lagunentzat, azalik, alboko hezurrik eta errairik gabe
  • Baso erdia ardo zuri
  • 7 koilarakada oliba olio
  • 6 baratxuri ale, xaflatan
  • 4 koilarakada sagardo-ozpin
  • Kg bat txirla
  • Perrexil xehatua
  • Gatza
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Gatza eman eta labeko erretilu batean paratuko dugu xapoa. Ardo zuria eta oliba olio pixka bat isuriko dugu ondoren. Aldez aurretik 180º-tan berotutako labean sartuko dugu, eta hantxe edukiko dugu 25 bat minutuan. Arrainaren zukuaz garaztatuko dugu aldiro-aldiro xapoa, alde mamitsuak erdiko hezurretik aise askatzeko moduan daudela ikusi arte. Heze egongo da beti erretiluaren hondoa, eta ura erantsiko dugu ardoa lurruntzen bada. Egizu kontu kilo bakoitzeko15 bat minutu egin behar dituela arrainak labean.

Bukaera aldean, xapoa ia egin denean, zartagin batean olioa su bizian berotu eta baratxuri xerrak gorrituko ditugu hartan. Txigortu direnean, sagardo-ozpina, arrain errearen zukuaren parte bat eta txirlak gaineratuko ditugu. Erne zipriztinekin! Ireki orduko, bitsadera batez aterako ditugu txirlak kazolatik, eta murrizten eta loditzen utziko dugu ondoren saltsa. Txirlak gehiegi ez egosteko edo gomatsu ez gelditzeko egingo dugu hori. Kazolaratu egingo ditugu berriro txirlak eta, une batzuetan biraka erabili eta gero, perrexila erantsi eta baratxuri-olioarekin batera erantsiko ditugu txirlak xapo solomo dagoeneko hezurgabetuen gainera (hezurra kenduko diegu aurrez arrain solomoei). Zerbitzatu eta jan



Iruzkinak

Kaixo, neuk ere horrela egiten dut baina ez dut ardo txuririk erabiltzen, hurrengoan probatuko dut eta esango!
Eskerrik asko

Mikel @ 2024-02-09 20:50:33

Zer iruditu? Ondo atera zaizu?