ZIAZERBAK URDAIAZPIKOAREKIN SALTEATUAK

Osagaiak

  • Kg bat ziazerba fresko
  • 5 baratxuri ale, xerratan moztuak
  • Urdaiazpikoa, xerra finetan moztua
  • 4 koilarakada oliba olio
  • Piperbeltza, eho berria
  • Gatza
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Ziazerbak garbituko ditugu lehenik. Harraskan sartuko ditugu, tanta batzuk ehe edo ozpina izango dituen ur hotzean. Eskuz nahasi eta minutu batzuetan edukiko ditugu gozatzen, zikina hondora dadin. Kontu handiz xukatuko ditugu. Ur zikina bota eta ur hotz ugari garbian edukiko ditugu ziazerbak berriro, ongi garbitzeko. Zurtoina moztu eta hostoak zeharkatzen dituen hari lodia kenduko diegu luzera osoan zehar. Banan-banan jokatuko dugu horrela. Txikiak direnean, ez zaie ziazerbei zurtoina kendu behar, gogorrei bakarrik.

Ziazerbak garbitzen ari garen bitartean, olioa jarriko dugu ziazerba guztiak hartuko dituen kazola batean, eta su eztian edukiko ditugu olio hartan urdaiazpiko xerrak. Ezti-ezti utziko ditugu gaiak egiten, kazolari etengabe eraginez eta gaiei kolorea hartzen utzi gabe. 15 bat minutuan jardungo dugu horrela.

Ondoren, sua bizitu eta gordinik erantsiko ditugu ziazerbak, birak etengabe emanez, eta tapa batez estaliz. Bolumen hori murriztuz joango da arian-arian eta gero eta urriagoa izango da, halaber, ziazerben zukua. Beste 15 minutu emango ditugu horrela. Epe horren ostean, tapa erretiratu eta gatz pixka bat emango dugu. Zimiko bat piperbeltz erantsi eta jateko prest edukiko ditugu, barazki edo hornidura gisa.

Bada salteatu aurretik ziazerbak ur gazian egosi eta ongi xukatu ondoren oliotan iraultzen dituenik. Aukera bat da, baina gordinik salteatuta oso goxoak geratzen dira, ziazerbak berriak eta xamurrak badira.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?