ZIGALA IRIN-ARRAUTZEZTATUAK

Osagaiak

  • 20 zigala fresko, erdi tamainakoak
  • Oliba olioa, frijitzeko
  • Baratxuri ale bat
  • Irina eta arrautza joa
  • Gatza
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Kontu handiz zurituko ditugu zigalak, isatsak ez puskatzearren, eta beste erabilera batzuetarako gordeko ditugu buruak. Burua isatsetik bereizterakoan, isatsa luzera osoan zeharkatzen duen heste iluna ere saiatuko gara kentzen. Gatza emango diegu ondoren.

Padera batean olio pixar bat isuri eta su ezti-eztian ipiniko dugu baratxuri ale oso bat, zuritu gabe, berotzen, baratxuriak bere lurrinez kutsa dezan olioa. Minutu batzuen buruan, biziagotu egingo dugu arian-arian sua, kea ateratzen utzi gabe.

Paderaren ondoan edukiko dugu plater zapal bat, irinarekin, eta beste txokon bat, arrautzarekin. Oparo igurtziko ditugu zigalak irinetan, eta arrautzatan pasatuko ditugu ondoren. Oratu eta olio berotan murgilduko ditugu. Iraulika erabiliko ditugu, 30 segundoz frijituz alde bakoitzetik, eta paper xurgagarrian pausatuko ditugu ondoren. Horrela frijituko ditugu guztiak, azkena egin arte. Zuhur jokatuko dugu betiere olioaren tenperaturarekin eta oparo azalduko gara arrautza joa ematerakoan.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?