ARROZA ARKUME LEPOAREKIN

Osagaiak

  • 4 koilarakada handi oliba olio birjina
  • Umerri edo esneko arkume baten lepoa, puska txikitan moztua
  • Baratxuri-buru oso bat
  • Tipulin handi bat, pikatua
  • Baso bete ardo zuri
  • 500 g arroz, ale biribilekoa
  • 1,3 l oilasko-salda edo ur
  • Gatza

Errezeta


Kazola zabal batean isuriko dugu olioa. Kazola su bizian jarri eta lepo zatiak, aurrez gatza emanak, frijituko ditugu bertan, azaletik ongi txigor daitezen arte. Goritu ahala erretiratuko ditugu puskak plater batera.

Sua eztitu eta baratxuri-burua eta tipulina erantsiko ditugu ondoren, gatz pixka bat emanez eta zurezko zaliaz iraularaziz, kolorerik har ez dezaten. 10 minuturen buruan erantsiko ditugu lepo zatiak; axaletik frijitu, ardo zuria erantsi eta su ezti-eztian utziko dugu guztia berotasun horretan ahitzen.

Arroza irauli, nahasi eta salda edo ur beroa isuriko dugu ondoren (ura bada, haragi-salda pastilla mutur bat erantsiko diogu). Gatz pittin bat eman eta su eztian egosiko dugu guztia, tapaturik, 16/18 minutuan.

Denbora-tarte hori igaro eta gero, sua itzali, kazola minutu batzuetan pausatzen utzi eta berehala zerbitzatuko dugu. Interesatuen artean zozkatu egiten den saria izan ohi da baratxuri-burua.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?