OILASKOA EUSKAL ERAN

Osagaiak

  • 1 Oilasko, zati ederretan
  • 1 Piper morro gorri
  • 1 Piper morro berde
  • 1 Tipula
  • 1 Tomate eder ala bi ertain
  • 1/2 baso olio
  • Gatza
  • Piper hautsa
  • Belarrak (aukeran)
  • Piper mina, Ezpeletakoa edo (aukeran)
  • 1/2 litro ur edo oilasko salda
*4

Errezeta


Plater hau oso kitsch dela ere esan daiteke, Iparraldeko ostatu askotan aurkituko baituzu "euskal eraren" seinale bailitzan. Izanak izan, oso plater ederra da, turistez aparte, geuk ere etxeetan jateko.

Oilaskoa zatitu eta gatzpipertu. Barazki guztiak zati nabarietan zatitu, juliana zabar batean, alegia.
Zartagin batean ondo gorritu eta frijitu oilasko zatiak. Ordu laurden inguru hartuko dizu honek. Oso ondo frijitua behar du oilaskoak.
Bitartean, kazola handi batean, tomatea ez besteko barazki guztiak jarriko ditugu oliotan erregosten, su ertainean. Gatz pixkat eman, barazkiak azkarrago egin daitezen eta ura aska dezaten. Bost minutura edo, gehitu tomatea ere eta jirabiratu guztia. Barazkia guritu arte jardungo dugu horrela.
Oilaskoa frijitua delarik, jarri paper gainean oliogabetzeko. Ondoren barazki biguindu artera sartu oilaskoa eta buelta batzuk eman, dena elkarren ondoan goza dadin.
Gehitu ura edo, hobeto salda. Oilaskoaren ertzekin eta piperren txortenekin egin dezakezu, kazo batean irakiten jarrita eta beste barazkiren bat gehituta, porrua, azenariaoa, perrexila... Bestenaz, pastila erdi oilo kontzentratu ere egin dezakezu, urarekin.
Guztia ordu erdi batez edo ukan emeki egosten, oilaskoa guri dagoela ikusi arte.
Utzi apurtxo bat atsedentzen, ondo etortzen zaio jan baino lehen denboratxo batez bakean egotea. Hozten bada, berotuko duzu berriz, zerbitzatu baino lehen.
Arroz zuri bat alboan, primeran etortzen zaio.

Eta fini da, hara hor "poulet a la basquaise" famatua.



Iruzkinak

Alfertuta nagoen egunetan, eta errezeta sinplifikatze aldera, bi gauza egiten ditut, hemen kontatu ez ditudanak:
1- Oilaskoa zartaginean ordez, kazola handi batean frijitzen dut pare bat berakatz alerekin (azalean lehertuak) eta, ondoren, olio horretan guritzen ditut barazkiak eta txiki txiki egindakoi berakatzarekin tostatuarekin.
2- Oilasko salda egin ordez, ardo zuri lehorraz ere egin dut: primerakoa ateratzen da.

H. Etxeberria @ 2015-05-01 12:19:21

Zer iruditu? Ondo atera zaizu?