ARRAUTZA NOLA IRAKIN
Arrautza fresko-freskoak
Sagardo-ozpina
Ura
Eltze bat hartu, ahal dela altua eta estua izan dadila. Ura irakiten jarri, gatzik eman gabe. Borborka hasten den momentuan, sagardo-ozpina bota, zorrotada eder bat. Orduantxe baretuko da borborra. Su ez biziegia jarri, borbor bortitza ez baizik eta ur azalean beroak burbuila edo uhin xuabeak eragin ditzan.
Arrautza azala hautsi eta katilu txikitan utzi, arrautza bat katilu bakoitzean. Katilu edo basotik zuzenean isuri, lerraraziz, uretara. Arrautzak binaka egingo ditugu, gutxi gorabehera minutu bakar batez edukiz ur irakinetan. Kontu handiz emango diegu buelta ur barrenean, eta minutua pasatuta bitsaderarekin aterako ditugu uretatik terreina txiki batera pasatzeko. Terreina horretan, aldez aurretik, ur garbi hotza jarriko dugu, gatz pixka batekin (zopa-koilarakada bat litroko). Horrela, egosaldia moztuko dugu, gorringoak mamitu ez daitezen, eta egosteko urak zuringoari eman dion ozpin gustua kentzeko.
Hori dena aurretik egin genezake, eta, horrela, zerbitzatzeko moduan, segundo batzuez ur irakinetan edo mikrouhinen labean tenperatura baxuan berotu bat eman, beste lanik ez genuke izango.
Etiketak: Arrautza


Apirila 16, 2009 @ 21:45
[...] Lehenengo malko-ilarrak, Jaime BurgaƱaren ortukoak, arrautza poxatu batekin (platerkada [...]