Birrindu

Sukaldean maiz egiten den gauza izan arren, gutxitan aditzen da birrindu aditza. Beste era askotara esan daiteke, eta esaten da, baina badirudi hau dela zabalduena euskaldun guztion artean sukaldaritzaz aritzeko.

Definizioa:

1. Jaki edo prestakin bat birringailutik pasatzea, xeha-xeha egiteko; turroiak eta mazapanak egiteko prozesuan fruitu lehorrak ehotzeko ekintzari esaten zaio normalean. www.gastronomiavasca.net

2. Birringailuz xehatu. Ogi birrindua. Harluxet hiztegia

Sinonimoak: Tokian toki hamarnaka daude, baina ez dirudi denek balio dutenik sukaldaritzarako, eta hanka sartu baino, nahiago genuke norberak etxean erabiltzen duen sinonimoa gehitzea idatzi honen ondotik.
Frantsesez: Triturer
Gazteleraz: Triturar

Joan den asteko hitza
Joan den astean pastanagrea hitzari buruz aritu ginen. Hiitza originala izan arren, gurean ez ginuen erreakzioarik jaso, eta sare sozialetan ere ez genuen halakorik ikusi.

One thought on “Birrindu

  1. Hau ez da Sukaldeaneko iruzkina, baizik eta Edorta Agirrek bidali diguna. Oso interesgarria delakoan, hemen jarri dugu.

    Edorta Agirre:

    “Birrindu” hitza jorratu duzue atzoko edizioan. Hona Elikadura Hiztegian jaso ahal izan dudana.

    “Birringailua
    Elikagai solidoak birrindu, xehatu, txikitu edo triskatzeko balio duen lanabes honek kirten bat edo helduleku bi ditu eta, horiei loturik, txulotxoz josirik dagoen altzairu edo zeramikazko xafla bat, arotzak darabilen arrasparen antzekoa. Xehatu nahi den elikagaia xafla horren azalera izurtsu edo zimurtsuaren kontra igurtziz, beste aldetik hondar xerratu edo birrinduak irteten dira. Berariazko birringailuak badiren arren (boilurrak, intxaur muskatua, parmatarra, ogi zaharra… txikitzekoak), etxekoak, eskuz baliatzekoak, bi tamainatakoak ohi dira: arrunta (azenarioa, gazta, arbia, txokolatea, gazta, patata, pepinoa, erremolatxa birrintzekoa), eta txikia (azal eta fruitu lehorrak, espeziak, etab. ñimiñoki arrailtzekoa).

    Birringailu elektrikoa
    sin: turmixa; es: batidora eléctrica; fr: fouet électrique, mixeur; en: mixer. Hagatxoaren muturrean helizea daukan sukaldeko tresna txikitzaile honek eragiketa bat baino gehiago (likidoetan solidoak xehatu, likido desberdinak nahasi eta emultsionatu, harrotu…) egin ditzake, mekanismoak abiadura handian diharduela: saltsa, krema eta ahiak berehala burutzen ditu. Aparatu batzuek, helizeaz gainera, malats moduko bat edo bi eransteko aukera ematen dute: horri esker, nahasketak zehazkiago lortzen dira, osagaiak txikitu edo hondatu gabe.

    Birrineztatzea
    sin: pla-pla egitea, irineztatzea, arrautzaztatzea; es: empanar, rebozar; fr: paner; en: to coat, to dip in beaten egg. Eskuarki, frijituko (inoiz, labean erreko) den jakia deshidrata ez dadin (eta, horren ondorioz, lehor eta geza ager ez dadin), gantz bero-beroan gogortu eta iragazkaitz bihurtuko den geruza batean biltzea. Geruza hori osatuko dute irinak edo ogi birrinduak bakarrik, bietako batek eta arrautza irabiatuak edo irin, arrautza eta ogi birrinduak, ordena honetan.
    Nahaste hauetan arrautzak aglutinatzaile rola betetzen du. Zapore-usainen zerrenda luzatzeko, ogiari eransten zaizkio usain belarrak (perrexil, oregano, albahaka), fruitu lehor xehatuak (amanda, hur, intxaurrak) edo espeziak (zilantro, baratxuri, piperbeltza), irinak aldatzen dira (gari, barbantzu, tenpura), etab.

    Birrintzea
    sin: ehotzea, papurtzea, xehatzea, triskatzea, txikitzea, ahotzea, zehatzea, xehekatzea… es: triturar, rallar; fr: triturer, râper; en: to grind, to grate. Jakia (ogi gogorra, txokolatea, almendra, jela) birringailutik igarotzea, irin edo hauts bihurtzeko.”

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>