BASURDEA SALTSAN UDAREEKIN

Osagaiak

  • 1,5 Kg basurde haragi, dado handitan moztua, izter aldekoak ahal bada
  • 6 udare mamitsu
  • Gurina, puska bat
  • Kanela, ezpal bat
  • Tipulin bat, pikatua
  • Porru bat, pikatua
  • Adaxka bat apio, pikatua
  • 2 azenario, pikatuak
  • 4 baratxuri ale, pikatuak
  • 6 koilarakada tomate saltsa
  • Baso bete ardo beltz
  • Oliba olioa
  • 2 iltze usaintsu
  • Laranja azala, puska bat
  • Ura
  • Pastilla bat haragi-salda
  • Irina eta gatza

Errezeta


Zuritu eta osorik egosiko ditugu udareak, gurin puska eder batekin eta kanela ezpal batekin. Erdi irakiten jarriko ditugu, borborrik gabe hauts ez daitezen, eta 20 bat minutuan edukiko ditugu, xamur geldi daitezen. Hozten utzi eta lautan ebakiko ditugu ondoren, zuztarra bazter utziz. Egosi diren zukua gordeko dugu, saltsa egiteko.

Gatza eman eta oliba oliotan frijituko ditugu basurde puskak, ongi gorritu arte. Barazkiak, iltzea eta laranja azala erantsiko ditugu ondoren; biraka erabiliko ditugu barazkiak erre ez daitezen, 10 bat minutuan. Ardo zuria erantsi eta urritzen utziko dugu guztia. Tomate saltsa, pastilla salda eta udareak egosi diren ura erantsiko ditugu gero, gatz pixka batez. Eltzea estali eta ezti-ezti utziko dugu haragia gozatzen, ordu pare batean (oso gogorra izaten da basurdea). Beharrezkoa bada, ur gehiago isuriko dugu, salda ahitzen joan arren haragiak gogor dirauela sumatzen badugu.

Epe horren ostean, haragi puskak xukadera batez atera eta puregailu batez iragoko dugu salda. Basurde puskak salda horretan irakin eta gero, sarraraziko ditugu udareak, doi-doi berotzen uzteko. Berehala zerbitzatuko dugu.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?