BEHI MATRAILA SALTEATUAK BARATXURI ETA PATATEKIN

Osagaiak

  • 2 txahal matraila eder, koipe eta azalik gabe
  • 20 baratxuri ale oso, azala eta guzti
  • 2 tipula, zerrenda mehetan zatituak
  • 5 patata eder, zurituak eta xerra lodietan zatituak
  • Gatza
  • Perrexil xehatua
  • Oliba olioa

Errezeta


Erdi tamainako xerratan zatituko ditugu matrailak “harakinak egin dezala lan hori, guk baino errazago egingo baitu“. Olio pixar bat padera zabal batean isuri eta sutan jarriko dugu, su bizian, eta tipulak, xerratan, eta baratxuri ale osoak erantsiko ditugu ondoren. Gatz pittin bat eman eta egiten utziko ditugu gorri eta xamur geratu direla ikusi arte, ongi txigortuak egon behar dute eta baratxuriek. Gutxienez 35 minutuan edukiko ditugu egiten.

Padera batean olioa oparo isuri, eta xerra lodietan zatitu ditugun patatak frijituko ditugu hartan, almidoia kentzeko uretan ongi garbitu eta xukatu ondoan. Ongi txigortuak eta barrutik xamur gelditu behar zaizkigu patatak. Xukatu egingo ditugu ondoren.

Patatak frijitu ditugun padera berean, ongi garbitu eta lehortu ondoan -gorde egingo dugu patatak frijitzen erabilitako olioa beste batzuetan erabiltzeko-, gorrituko ditugu alde batetik eta bestetik matraila xerra guztiak, gatz pittin bat eman eta gero. Ongi gorrituak eta barrutik heze gelditu behar zaizkigu matrailak. Erretilu baten ipiniko ditugu ondoren, frijitu berriak.

Tipula eta baratxuriei erantsi egingo dizkiegu patatak eta buelta batzuk emango dizkiegu, ongi nahas daitezen. Perrexila oparo hautseztatuko dugu ondoren gainetik. Gatz puntua neurtu eta matrailen gainean zerbitzatuko dugu guztia erretilu batean.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?