TXAHAL MUTUR EGOSIAK ENTSALADAN

Osagaiak

  • Txahal mutur bat, garbia
  • Baratxuri-buru bat
  • Porru bat, osorik
  • Tipulin bat, osorik
  • Oliba olioa
  • Ura eta gatza
  • 2 eskarola, garbiak
  • Baratxuri ale bat, pikatua
  • Allioli edo griviche saltsa ugari

Errezeta


Olio pixar bat kazola batean isuri eta gorritzen ipiniko dugu muturra, alde guztietatik gorritu dadin arte. Erne ibili olio zipriztinekin!. Ongi txigortua gelditu behar du. Soberan dagoen koipea kendu eta erantsi egingo ditugu baratxuri-burua, porrua eta tipulina. Buelta batzuk eman eta ura isuriko dugu gainean, jakitik gora hiru behatz estali arte. Gatz pittin bat eman, kazola estali, eta utzi egingo dugu egosten, ezti-ezti, 2 bat ordu. Urez estalia egon behar du muturrak, eta ur gehiago isuriko dugu lurrintzen ari dela ikusten badugu.

Ongi samurtu denean, sutatik atera eta iragazi egingo dugu sortutako zuku guztia. Zoparako edo uraren ordez gisatuari isurtzeko gordeko dugu egoste salda hori, zernahi, zakarretara bota baino lehen.

Horren ostean, piezaren erdian duen kartilago gogorra kendu, eta zatitu egingo dugu muturra, xerra lodietan. Gatza eman eta erretilu batean ipiniko dugu ondoren. Baratxuriarekin eta oliba olio birjinarekin ondu, eta aurrez egosi eta gatza emaniko muturraren gainean jarriko dugu eskarola. Ogi txigortua eta Hondarraitz edo allioli saltsa ugarirekin zerbitzatuko dugu entsalada, mutur zatiekin batera.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?