BROKOLI EGOSIA BARATXURI SALTSAREKIN

Osagaiak

  • Brokoli eder bat edo bi ertain
  • 4 baratxuri ale, xerratan moztuak
  • 8 koilarakada oliba olio
  • Ximiko bat piperrauts gozo
  • Gatza

Errezeta


Eltze batean, ur ugari jarriko dugu irakiten, gatz pixka batekin. Hosto berdeak kendu eta zuztarra moztuko diogu ondoren brokoliari. Mulkoak bananduko ditugu ondoren. Garrantzitsua da mulkoak sorrarazten dituen zuztarra edo zurtoina ez botatzea, brokoliaren gainerako aldeekin egosi ahal izango baitugu zuritu eta hirutan edo lautan zatitu ostean. Alde goxoena da hori.

Ur hotzean ongi garbitu, xukatu eta, ura irakiten hasi orduko, sartuko dugu brokolia eltzean. 10-15 minutuan edukiko dugu sutan, tapatu gabe. Kolore berdea galduko du, tapatzen badugu. Labanaren punta zati lodienean ziztatuz jakingo dugu xamur dagoen ala ez.

Padera txiki batean, olio berotan jarriko ditugu baratxuriak, "dantzan" hasi arte. Sutatik atera eta piperrautsa erantsiko dugu. Biraka eragingo diogu etengabe zurezko zaliari, piperrautsa olioarekin ongi nahas dadin. Baratxuri saltsa hau brokoli egosi eta xukatu berriaren gainean isuri eta gatz pixarra eman ondoan, mahairako prest edukiko dugu guztia.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?