BROKOLI ZOPA

Osagaiak

  • Brokoli eder bat edo bi ertain
  • Litro erdia ur
  • Litro erdia esnegain urtu
  • Haragi-salda, pastilla bat
  • 100 g gurin
  • Gatza

Errezeta


Brokolia garbituko dugu lehenik, hosto berdeak kendurik. Zuztarra moztu eta mulkoak bananduko ditugu ondoren. Garrantzitsua da mulkoak sorrarazten dituen zuztarra edo zurtoina ez botatzea, brokoliaren gainerako aldeekin egosi ahal izango baitugu zuritu eta hirutan edo lautan zatitu ostean. Ur hotzean ongi garbitu eta xukatu egingo dugu brokolia.

Brokolia, salda pastilla, ura eta esnegaina ipiniko ditugu eltze batean. Tapatu eta su eztian edukiko dugu, 10/15 minutuan.

Haien ondoan, estalkia altxa eta irabiagailu baten ontzira irauliko dugu eltzearen edukia (edota irabiagailuaren besoa sartuko dugu eltzean). Indar betean joko dugu guztia, gurina erantsi ondoren. Gatza eman eta, zopa fin-fina nahi izanez gero, iragazki batez igaroko dugu jakia. Ez da horren beharrik izango irabiagailua indartsua bada. Lodi xamar geratu zaigula ikusten badugu, ur beroaz arindu ahal izango dugu zopa.

Ezin goxoagoa geldituko zaigu cheddar gazta edo bola-gazta, dadotan moztua, eransten badiogu. Berotasunaren poderioz, desegin egingo da gazta eta haren hari urtuak azalduko zaizkigu barruan. Baratxuritan gozaturiko ogi pusketa txigortu txikiak ere erants ditzakegu zoparen gainean.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?