DILISTAK TXORIZOAREKIN

Osagaiak

  • 5 koilarakada handi oliba olio birjina estra
  • Tipulin bat, pikatua
  • Porru baten zuria, pikatua
  • Azenario bat, pikatua
  • 2 koilarakada tomate saltsa
  • Zimiko bat piperrauts gozo
  • Txorizo fresko bat, min xamarra
  • 600 g dilista
  • Ura
  • Gatza
  • Baratxuri ale bat, xerratan moztua

Errezeta


Txorizo sardexkaren hortzekin ziztatu eta ur hotzean murgilduko dugu, dagoeneko sutan jarri dugun kazola batean. Irakiten hasi orduko erretiratuko dugu txorizoa. Erretiratu egingo dugu ur hori, txorizoak utzitako koipeak ez ditzan dilistak kutsa.

Barazkiak maneatzeko erabiltzen dugun kazola zabal bat hartu, 3 koilarakada oliba olio isuri eta su eztian jarriko dugu gero. Tipulina, porruaren zuria eta azenarioa erantsiko ditugu ondoren eta eztitzen edukiko dugu guztia 5 minutuan, kolorea hartzen utzi gabe. Gatz pixar bat emango diegu. Epe hori irago ondoan erantsiko dugu tomate saltsa eta piperrautsa.

Dilistak erantsiko ditugu orduan. Kazola biraka beste 2 minutuan erabili eta gero, ur hotzez estaliko dugu guztia, bi hatz gaien gainetik. Aurrez irakindako txorizoa gaineratu eta gero utziko dugu guztia egosten su eztian, 50 bat minutuan.

Epe horren ostean prestatuko dugu baratxuri-olioa. Horretarako, padera bat su bizian jarri eta gainerako oliba olio birjina, 2 koilarakada, isuriko dugu. Olioa oso bero dagoen unean erantsiko ditugu baratxuri pikatuak. Gorritzen utziko ditugu, baina erre gabe, eta oraindik sutan edukiko ditugun dilisten gainean isuriko dugu baratxuri-olioa.

Minutu gutxi batzuetan irakiten utzi eta gero, dilistak xamur eta mamitsu daudela frogatu eta sutatik aterako dugu kazola. Txorizoa atera eta, xerra loditan moztu ondoren, kazolaratuko dugu berriro. Prest egongo dira orduan dilistak.



Iruzkinak

asko gustatu zait

lusy @ 2022-03-31 16:14:54

Zer iruditu? Ondo atera zaizu?