ERBI PAPURTUA PARMENTIER ERAN

Osagaiak

  • Erbi handi bat edo bi ertain, garbi eta bere gibelarekin
  • Mordoxka bat piperbeltz ale
  • Laranja azala
  • Azenario bat, xerratan
  • Porru bat, xerratan
  • Baratxuri-buru bat
  • Tipula bat, zatitua
  • Baso bete brandy
  • Litro erdia ardo beltz
  • Ura
  • Pastilla bat haragi-salda
  • 5 tipulin eder, pikatuak
  • Eskukada bat onddo, pikatuak
  • Perrexil xehatua
  • Oliba olioa
  • Kg bat patata pure
  • Gatza

Errezeta


8 edo 10 puskatan zatituko dugu erbia. Gatza pixka bat emango dugu ondoren. Kazola zabal batean gorrituko ditugu puskak, alde guztietatik. Azenarioa, porrua, baratxuriak, laranja azala eta tipula erantsi, gai horiek guztiak biraka erabili eta brandyaz, ardo beltzaz, uraz eta salda pastillaz bustiko ditugu ondoren. Kazola estali eta 90 bat minutuan edukiko dugu egosten guztia. Epeltzen utziko dugu ondoren. Horrela maneaturiko haragia eskutan erabil dezakegun unean, hezurgabetu egingo ditugu puskak, betegarria egiterakoan erabili ahal izateko.

Iragazi eta koipea kenduko diogu saldari; sutan jarriko dugu ondoren, salda lodi bat lortu arte. Beste kazola batean, olio pixar bat jarri eta tipulin pikatuak maneatuko ditugu, gatz pixka batez. Su eztian utziko ditugu izerditzen, xamur eta gorri gelditu arte. 45 bat minutu iragoko dira. Onddoak erantsi eta tipulinarekin batera salteatuko ditugu, 20 bat minutuan, gorritu arte. Gatz pixka bat eman eta erbi haragia sartuko dugu ondoren, papurtua. Arestian urritu eta loditu dugun salda erantsiko dugu ondoren, eta egosten edukiko dugu guztia, zukua murriztu eta betegarria ongi goxa dadin. Gatz-puntua neurtu, zuzendu eta perrexila erantsiko dugu ondoren. Oso zaporetsu geratu behar du. Mutur bat gurin ere erantsi ahal izango dugu.

Labe-erretiluaren hondoan zabalduko dugu haragi egosi hezurgabea. Haren gainean zabalduko dugu patata purea, patata egosi, zuritu eta puregailuan pasa ondoren egina izango duguna. Eltze batean sartuko dugu patata-mami hori eta biraka eragiteari utzi gabe erantsiko dugu gurin hotza, xorta bat esnegain eta gatza. Trinko geratu behar du. Purea ongi hedatu eta gero, zuzenean jarriko dugu labean gainerretzen. Entsalada berde batekin zerbitzatuko dugu.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?