POTEKO HEGALUZEA EGONEZINENTZAT

Osagaiak

  • 2 kg hegaluze, xerra oso loditan “arra erdikoak“ moztua
  • Ura
  • Gatz larria

Errezeta


Kazola oso zabal batean jarriko dugu ura irakiten. Gatz larria erantsiko dugu, ugari erantsi ere, ura gazi dadin. Sua eztituko dugu irakiten hasi orduko, borborrik egon ez dadin. Orduan sartuko ditugu hegaluze puskak. Ura berriro irakiten hasi denetik, 4 minutuan edukiko dugu hegaluzea egosten. Sutatik atera eta ordubetean edukiko dugu hegaluzea ur berean pausatzen, ukitu gabe. Xukatu eta azala, hezurrak eta beltzuneak kenduko dizkiogu hegaluzeari.

Zatar idor batez lehortu eta oliba olio birjinaz estaliko ditugu ondoren. Kontserba esterilizatu bat ez denez, haren bizia ez da horren luzea, baina gutxienez aste betez eutsiko dio hozkailuan, ongi tapatuta. Kontserba modu tradizionalaren arabera egin balitz bezala erabiliko dugu hegaluze hau.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?