INDIOILAR IZTERRAK TOMATE SALTSAN

Osagaiak

  • 4 indioilar-izter, 6 zatitan puskatuak
  • 4 tipulin, pikatuak
  • 4 baratxuri ale, pikatuak
  • Porru baten zuria, pikatua
  • Baso bete ardo zuri
  • Kg bat tomate saltsa mamitsu
  • Oliba olioa eta gatza
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Xorta bat oliba olio isuri eta su biziaren gainean jarriko dugu kazola bat. Gatza eman eta, bizpahiru txandatan, frijituko ditugu indioilar puskak kazolan. 5 bat minutuan edukiko ditugu, gorri eta kurruskari, erre gabe ordea, gera daitezen. Egin ondoan, erretilu batera aterako ditugu puska guztiak.

Kazolan geratu den koipean irauliko ditugu tipulinak baratxuriak eta porrua. Sua eztituko dugu orduan, barazkiak erre ez daitezen, eta 10 bat minutuan edukiko ditugu koipe hartan gozatzen. Haien ostean isuriko diegu ardo zuria. 5 bat minutuan irakiten eduki eta gero erantsiko dugu tomate saltsa, eta irakiten jarriko dugu berriro kazola. Une hartan erantsiko ditugu indioilar puska gorrituak erretiluko jarioan emango zuten zukuarekin batean. Kazola tapatu eta erregosten utziko dugu guztia 20 bat minutuan, saltsa murriztu, haragia xamurtu eta hezurrak aska daitezen. Beharrezkoa bada, zuzendu egingo dugu gatz-puntua.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?