IZOKINA MARINATUTA

Osagaiak

  • Izokin fresko baten gorputza, 1,8 bat kg, azalarekin eta hezurrik gabe, bi solomotan banatua,
  • Gatz larria eta azukrea
  • Eskukada bat aneta fresko (Belar bat da aneta: eneldo, aneth)

Errezeta


Depilatzeko pintza edo aliketa txiki batzuez aztertuko dugu solomo bakoitza luzera osoan zehar, eta hartan han eta hemen ageri diren hezur txikiak kenduko ditugu. Hala eginda, arazorik gabe xerratu ahal izango dugu izokina marinatu eta gero, ez du labanak hezurrekin etengabe topo egingo.

Oparo emango diegu azukrea solomoei eta aneta hosto freskoekin estaliko ditugu ondoren. Solomoak zabal sartuko diren erretilu batean ipiniko dugu lehena, azala behera, gatz larriz antolaturiko azpi baten gainean. Gatz gehiagoz estaliko dugu ondoren, eta geruza horren gainean pausatuko dugu bigarren solomoa, ogitarteko bat balitz bezala, azala gora. Mamiaren aldetik batuko dira solomoak, eta azala geldituko zaie kanpoaldean, erretiluaren kontra bata eta zeru aldera begira bestea. Gatz larri gehiagoz estaliko dugu guztia, zirrikitu guztiak ongi itxi arte. Garrantzia badu ondoko honek, gauden adi beraz: pisu on bat jarriko dugu gaineanĀ  (adreilu bat, edota Joan Mari Irigoienen LUR BAT HARATAGO nobela, esate baterako, zatar garbi batean bildua), eta izokin solomoak era horretan eta hozkailuan gutxienez 12 orduan edukiko.

Epe horren ondoren, gatz soberakina kendu eta uretan garbituko ditugu solomoak. Berehala lehortu eta erabili egingo ditugu: xerratan moztuak, izokin ketuaren antzera, edo takotan moztuak, gaztaren antzera, mahai-aurreko gisa aurkezteko.

Izokina prestatzeko modu honek oso aukera mamitsua eskaintzen digu izokin ketu garestiari ordea hartzeko, arrain freskoaren prezioan ordainduko baitugu izokina. Ederra aukera!



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?