KAPOI ERRE BARRUBETEA

Osagaiak

  • Kapoi eder bat, garbia eta barrubetetzeko prestatua
  • Baratxuri-buru bat
  • 15 koilarakada haragi salda edo ur
  • 2 eskukada handi ogi mami, esnetan beratua eta xukatua
  • 400 g. oilasko haragi, xehatua
  • Tipulin bat, pikatua
  • Gurina, mutur bat
  • Sagar bat, dadotan moztua
  • Tanta batzuk limoi zuku
  • Perrexil xehatua
  • Gatza eta piperbeltza

Errezeta


Betegarria egingo dugu lehenik. Padera bat sutan jarri eta gurin mutur batekin salteatuko ditugu, bizkor, sagar dadoak. Tanta batzuk limoi isuriko ditugu haien gainean. Ogi mamia, oilasko haragia, tipulina, perrexil xehatua, gatza eta piperbeltza ipiniko ditugu gopor batean; eskuz nahasi (eskuak garbi dauzkagula, jakina!) eta horra betegarria!

Kapoia ongi garbitu eta haren barruan sartuko dugu betegarria; hari batez lotuko dugu ondoren kapoia, paparrak eta hankak ongi estutuz. Gatza emango diogu kanpoaldetik.

Labe-erretilu batean, baratxuri-burua eta salda edo ura erantsi eta albo baten gainean ipiniko dugu kapoia. Labea 200º-ko tenperaturan jarri eta hantxe edukiko dugu erretilua 30 bat minutuan. Haien ostean, labeko atea ireki, bere zukuaz garaztatu eta erretako alboaren gainean jarriko dugu kapoia, horrela beste 30 bat minutu egin ditzan. Epe horren ondoren, labea ireki eta paparraren gainean jarriko dugu kapoia, bizkarra gora. Beste 30 bat minutuan edukiko dugu horrela bere zukuaz aldiro bustirik.

Ondoren, labea ireki eta bere paparraren gainean jarriko dugu kapoia, mokoz behera, eta beste 30 bat minutuan edukiko dugu jarrera horretan. Bere zukuan bustiko dugu berriro hegaztia. Azkenik, epe horren ondoren, mokoz gora jarriko dugu hegaztia, paparra gora beraz, eta erretzen utziko dugu, ongi gorritu arte. Beharko balitz, ur pixka bat erantsiko genuke hegaztia erre bitartean, lehor ez dadin. Heze egon behar du beti erretiluak.

Kapoia plater batean ipini eta aluminio-paperaz bilduko dugu ondoren. 15 bat minutuan edukiko dugu horrela, pausatzen.

Hegaztia puskatzerakoan, 2 hankak eta bi paparrak bereiziko ditugu lehenik, eta bitan egingo ditugu ondoren puska horietako bakoitza, duten tamainagatik. Beraz, 8 puska bereiziko ditugu guztira. Erretilu bero batean banatuko ditugu, kapoiaren barrutik atera dugun betegarriarekin batean. Errekiaren zukuaz bustiko ditugu puska guztiak.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?