KARDUA TXIRLEKIN

Osagaiak

  • Kardu bat
  • Ura
  • Gatza
  • 4 baratxuri ale, xehatuak
  • 4 koilarakada oliba olio
  • 2 koilarakada irin
  • 500 g txirla
  • Kardua egosi den salda, 2 baso handi
  • Xorta bat ardo zuri
  • Perrexil xehatua
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Kardua garbituko dugu lehenik. Zatiak ur irakitan sartu eta gero, presio-eltzea itxi eta balbula biraka hasi orduko eztituko dugu sua, maila apalenera eramanez, balbulak biraketari utzi gabe betiere. 35/40 minutu egingo ditu eltzeak balbula biraka duela. Sua itzali, balbula erretiratu eta eltze barruan utziko dugu kardua hozten, estalkia ireki gabe, ongi hoztu arte.

Kazola apal bat su gainean jarri eta ongi xehaturiko 2 baratxuri ale sartuko ditugu hartan. Bi koilarakada oliba olio erantsiko ditugu ondotik. Baratxuria dantzan hasi orduko sartuko ditugu kardu puskak, egosiak eta xukatuak. Minutu batean edukiko ditugu kardu zatiak baratxuriaren ondoan gozatzen eta koilaratxokada bat irin eta karduak egosi diren salda, baso bat gutxi gora-behera, erantsiko ditugu ondoren, pixkana-pixkana saltsa arin bat itxuratzeko.

Kardu erregosien gainean irauliko ditugu txirlak, marinel eran maneatuak. Horretarako, oliba oliotan gozatuko ditugu beste bi baratxuri aleak, ongi xehaturik. Dantzan hasi orduko erantsiko ditugu koilaratxokada bat irin eta baso bat kardu-salda, eta minutu batean utziko dugu salda irakiten. Hartan irauliko ditugu txirlak, ongi garbitu eta gero, eta ardo zuria, eta su eztian utziko ditugu ireki arte. Ireki ahala, banan-banan erantsiko ditugu karduaren kazolan, ez daitezen gehiegi egosi eta aldi berean zaildu. Txirla guztiak saltsa berdetik atera eta gero, murrizten utziko dugu saltsa hori eta karduen kazolara bihurtuko dugu ondoren. Perrexil xehatua erantsiko dugu. Gatz puntua neurtu, behar badu zuzendu eta zerbitzatu.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?