KUIA MARMELADA

Osagaiak

  • Kalabaza mamia, azal eta pipitarik gabea, kilo bat
  • 900 g azukre beltz
  • Baso bete ur
  • Bainila leka bat
  • Kanela adaxka bat
  • 2 limoiren zukua

Errezeta


Kalabaza (kuia) zerrenda finetan moztu, zerrenda ez berdinetan. Kazola zabal batean jarriko ditugu osagaiokin: limoi zukua, azukrea, ura, kanela adaxka eta bainila leka. Bainila leka bitan irekita, eta barreneko bihiak marruskaturik; den-dena sartuko dugu kazolan. Buelta batzuk eman denari. Estalki hermetiko bat jarriko diogu kazolari, zikinkeriarik eror ez dadin barrenera. Hozkailuan 12ren bat orduz utziko dugu.

Denbora hori pasatuta, su motelean jarriko dugu kazola, eta irakiten utziko dugu, poliki-poliki, 5 bat minutuz. Gero sutatik baztertu, estali eta pausatzen utziko dugu hozkailuan beste 12 orduz. Ordu horiek iraganik, berriz sutan jarri kazola, su ez oso bizian, eta oraingoan 20 minutuz eduki irakiten. Sutatik baztertu, marmelada ontzi hermetikotan sartu, itxi eta buruz behera jarri, hozten diren arte.

Hozkailuan gordeko dugu marmelada handik gutxira kontsumitzeko asmoa baldin badugu. Denbora luzea iraun dezan nahi badugu, ur irakinetan esterilizatuko ditugu flaskoak.

Denbora franko behar bada ere marmelada prestatzeko, erraz-erraz da. Egizu proba.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?