KUIA TENPURAN

Osagaiak

  • Kuia puska handi bat
  • 150 g irin
  • Ura, litro laurdena
  • Azukrea, ximiko bat
  • Okindegiko legamia prentsatua, 15 g
  • Gatza, koilarakada erdia
  • Oliba edo eguzki-lore olioa, frijitzeko
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Irina, gatza, azukrea eta legamia gopor batean jarri eta hatz muturrekin txikituko dugu guztia. Ura erantsiko dugu orduan, epel betiere, 30º-tan ez beroago, legamia honda ez dakigun. Koilara batez edo sukaldeko ziri batez baliaturik, erabat zurrupatu arte erantsiko dugu ura, pixkana-pixkana erantsi ere, pikorrik ez dadin egin. Goporra zatar batez estali eta ordu erdian utziko dugu pausatzen, leku epel batean, garbigailuaren gelan esate baterako.

Orea jaiki eta burbuilak eragiten hasi dela ikusiko dugu. Azala kenduko diogu orduan kuiari, eta neurri bertsuko makilatxotan moztuko dugu ondoren, cm bateko lodiera eta 8/10 cm-ko luzera emanez. Puska guztiak egin eta gero, gatza eman eta banan-banan barneratuko ditugu tenpuraren orean, ertz batetik heldurik eta erabat askatu gabe, sartu-irten bizkor bat eginez, eta paderan edukiko dugun olio beroan utziko ditugu ondoren. Hantxe frijituko ditugu kuia makilatxo guztiak. Ondoren, ongi xukatu eta kraskatsu jango ditugu plazer handiz.

Romesco saltsa, allioli saltsa edo tomate saltsa hotz on baten ondoan zerbitzatu ahal izango ditugu orburuak, hartan bustitzeko aukera emanez.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?