AHATE ERROTA KONFITATUAK ENTSALADAN

Osagaiak

  • Kg erdia ahate errota, koipean konfitatuak
  • Tipula txiki bat, pikatua
  • Perrexil xehatua
  • Eskarola edo uraza edo entsalada-barazki berderen bat, garbia xukatua
  • Oliba olio birjina
  • Sagardo-ozpina
  • Gatza

Errezeta


Ongi xukatuko ditugu lehenik beren koipean konfitaturiko errotak. Padera zabal batean, koilarakada oparo bat ahate koipe jarri eta su gainean jarriko dugu, tipularekin batean. Gatz pixka bat eman eta gozatzen utziko dugu tipula, gorri eta xamur gelditu arte. Xukaturiko errotak erantsiko dizkiogu orduan tipulari, xerratan zatituak. Kolorea uzten utziko diegu, su eztiagoan oraingoan. Aldiro erretiratuko dugu paderan metatuko den koipea. Tanta batzuk sagardo-ozpin gaineratu eta murrizten utziko dugu, usaina baino ez dadin geldi. Perrexil xehatu ugari hautseztatuko dugu haren gainetik.

Gatz-puntua zuzendu ondoren, gopor batean jarriko ditugu errota epelak eta haien gainean entsaladako barazkiak, eskarola nahiz uraza, oliba olio birjina, ozpin eta gatzetan onduak. Plater banatan zerbitzatuko ditugu jakiak, lehenengo entsalada eta ondoren errotak, nahasi gabe, berotasunak entsaladako barazkien hostoak zimel ez ditzan.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?