LEGATZA SALTSA BERDEAN TXIRLA ETA KOKOTXEKIN

Osagaiak

  • 4 legatz solomo, hezurrik gabe, 200 g bakoitzak
  • 2 baratxuri ale, pikatuak
  • 5 koilarakada oliba olio
  • Perrexil xehatua
  • 32 txirla handi
  • 24 kokotx handi, azalik eta hezurrik gabe
  • Litro laurdena arrain salda edo ur
  • Gatza

Errezeta


Olioa isuri eta su eztian jarriko dugu kazola zabal bat. Baratxuria erantsi eta dantzan hasi ondoren, segundo batzuetan edukiko dugu eztitzen, kolorea hartzen utzi gabe. Arrain salda edo ura isuri eta minutu batean edukiko dugu guztia irakiten.

Arrainari gatza eman eta saltsan ipiniko ditugu legatz solomoak, azala gora. Su ezti-eztian edukiko dugu arraina 4 bat minutuan, kazolari hara eta hona leunkiro eraginez. Solomoak azalez behera jarriko ditugu orduan, espatula batez baliatuta. Kontuz egingo dugu lan. Beste bi minutuan edukiko dugu arraina berotzen, kazola ukitu gabe. Garrantzitsua da arraina su eztian berotzea eta kazola leun erabiltzea.

Kazola sutatik atera baino une batzuk lehenago sartuko ditugu txirlak. Kazola tapatuko dugu ondoren. Ireki ahala aterako ditugu txirlak. Baten bat irekitzen ez bada, gupidarik gabe bazter dezagun. Azkena atera ondoren, legatz solomoen gainean ipiniko ditugu kokotxak: minutu batean edukiko ditugu doi-doi gozatzen, gordinaren zaporea galdu eta gelatina isur dezaten (saltsa loditzen lagunduko du honek). Berriro sartuko ditugu txirlak. Perrexil xehatua hautseztatuko dugu gainetik.

Kazola sutatik atera eta hara eta hona eraginez lodituko dugu saltsa. Gatz-puntua neurtu (txirlak kazolan onduko dira) eta berehala zerbitza dezagun.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?