AHATE GIBELA NOLA MOZTU

Osagaiak

  • Xafla estuko labana luze bat, ongi zorroztua
  • Ur beroa

Errezeta


Ahate gibela edo foie-grasa garestia da, oso. Luxua da taula baten gainean izan eta jan ahal izatea. Horregatik, pena da nolanahi moztea edo xerra itsusiak egitea. Hauxe duzue mozteko modu hoberena: lehenbizi, hotz-hotza eduki foie-grasa, hozkailuan, moztean puskatu ez dadin, eta zanpa-zanpa egina geldi ez dadin; bigarrenik, erabil ezazu xafla estuko labana luze bat, ongi zorroztua; eta hirugarrenik, ur beroa izan, iturrian edo eltze batean.

Labanaren xafla ur beroan eduki 10 bat segundoz, gero atera, zapi batekin idortu eta ebakia egin foie-gras puskari, xerra loditan. Foie-gras puskak erretilu batean edo plateretan kokatu, eta sukaldeko tenperaturan utziko ditugu jan baino lehenago, hoztasuna kendu eta krematsuago, urintsuago egon daitezen.

Gehientsuenetan foie-grasak bere gatz-puntua du, baina maiz gertatzen da gatz pixka baten falta izatea. Itsasoko gatz ale batzuk edo piperbeltz xehatu pixka bat ematen badiogu, hainbat hobe. Foie-grasarekin batera, ogi txigortua jarri, edo piko pasak, aran pasak edo hur txigortuak.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?