LIMOI TARTA

Osagaiak

  • Tartak egiteko molde bat, ore hautsi edo hostorez estalia, labean egina
  • 4 arrautza
  • 2 arrautza gorringo
  • 500 g azukre
  • 6 limoi, birrinduak, eta haien zukua
  • 450 g ur
  • 3 koilarakada maizena

Errezeta


Betegarria prestatzeko, gopor batean joko ditugu bi arrautza, bi arrautza gorringoak eta 250 g azukre, irabiatzeko hagaxka batez, krema lodi xamarra lortu arte. Orduan erantsiko ditugu 3 limoiren birrindura eta zukua. Labeko erretiluaren gainean ipiniko dugu, parrillan, aurrez ore hautsi edo hostorez estali eta labean eginiko moldea, eta limoi krema egin berria isuriko dugu hartan. Horrela egingo dugu, moldea sukaldeko mahai gainean bete eta laberaino eramaten badugu, pikutara joango baitzaigu dena, Spidermanen pultsua ez badugu bederen. Poliki-poliki tartari labearen barnealdera bultza, eta egiten utziko dugu, 170º-ko tenperaturan, 20 bat minutuan. Mamitu eta gorri xamar geratuko da betegarria.

Tarta estaliko duen krema prestatuko dugu ondoren. Kazola batean sutan ipiniko ditugu, ordena honetan eta eragiteari utzi gabe, hotzean, geratzen zaizkigun bi arrautzak, geratzen zaizkigun 250 g azukreak, maizena, eta geratzen zaizkigun hiru limoien birrindura eta zukua. Nahasturak pikorrik ez duela ikustean, erantsiko dugu ura, eta su ertainean ipiniko dugu kazola, hagaxka batez eragiteari utzi gabe, 10 bat minutu igaro ondoren loditzen hasi dela ikusi arte. Oso garrantzitsua da oreak ez irakitea. Loditu ondoren, labean eginiko tartaren gainean orea irauli, eta ongi zabalduko dugu gainazal osoan, tartari poliki-poliki bira emanez. Epeltzen utzi eta jango dugu. Edo oparituko diogu geureganatu nahi dugun norbaiti.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?