LUPIA OSORIK ERRETA

Osagaiak

  • Lupia bat edo bi lupia txiki, 4 lagunentzako, ezkata, errai eta alboko hezurrik gabe
  • Baso erdi bat ardo zuri
  • 6 koilarakada oliba olio
  • 4 baratxuri ale, xerratan
  • 3 koilarakada sagardo-ozpin
  • Perrexil xehatua
  • Gatza
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Gatza eman eta labeko erretilu batean paratuko dugu lupia. Ardo zuria eta oliba olio pixka bat isuriko dugu ondoren. Aldez aurretik 180º-tan berotutako labean sartu eta hantxe edukiko ditugu 25 bat minutuan. Arrainaren zukuaz garaztatuko dugu aldiro-aldiro lupia, mamia erdiko hezurretik aise askatzeko moduan dagoela ikusi arte. Heze egongo da beti erretiluaren hondoa, eta ura erantsiko dugu ardoa lurruntzen bada. Egizu kontu kilo bakoitzeko 15 bat minutu egin behar dituela arrainak labean.

Bukaera aldean, lupia ia egin denean, zartagin batean olioa su bizian berotu eta baratxuri xerrak gorrituko ditugu hartan. Txigortu direnean, sagardo-ozpina eta arrain errearen zukuaren parte bat gaineratu eta irakiten edukiko dugu guztia segundo batzuetan. Erne zipriztinekin! Perrexil xehatua erantsi eta baratxuri-olioa garaztatuko dugu erretiluan zabalik eta hezurrik gabe egongo den lupiaren gainean. Mahairako prest edukiko dugu orduan lupia.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?