MERTXIKA ERREAK

Osagaiak

  • 12 mertxika edo melokotoi, ongi onduak eta ederrak
  • Kanela ezpaltxo bat
  • Bainila adaxka bat
  • Moskatela, baso erdi bat
  • Ura, baso handi bat
  • 12 koilarakada bete azukre
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Uretan garbitu eta ongi xukatuko ditugu mertxikak lehenik. Sakonera txikiko ebaki bat egingo diegu ondoren inguru osoan, labean erretzean fruta leher ez dadin. Mertxikak labeko erretilu edo azpil baten ipini, eta azukrea eta gainerako osagaiak garaztatuko ditugu gainetik. Labean sartuko dugu guztia, 200º-ko tenperaturan, 35 bat minutuan, baina kolore handiegirik hartu gabe betiere. Beren zukuaz bustiko ditugu mertxikak labean dauden bitartean, heze-heze gera daitezen. Gehiegi gorritu direla eta oraindik gogor samar daudela ikusten badugu, aluminio-paperez estali eta beste minutu batzuetan utz ditzakegu labean, erabat egin daitezen arte.

Labetik ateratzean, limoi baten zukuaz busti ditzakegu mertxikak, are zapore handiagoa har dezaten. Epel jango ditugu, izozkiarekin batera. Gozo-gozoa izango da, berriz, erretiluaren hondoan gelditzen den almibarra.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?