MIHIARRAINA GURIN BEROAN ERRETA

Osagaiak

  • 4 mihiarrain, ezkatarik eta alboko hezurrik gabe
  • Gurina, zati handi bat
  • Xorta bat Xerez ozpin
  • Perrexil xehatua
  • Gatza
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Bi aldeetatik emango diegu mihiarrainei gatza. Zartagin handi batean gurina jarri eta su eztian utziko dugu berotzen. Apar zuri bat isurtzen utziko diogu gurinari, baina erne, ez dadila erre. Pitta bat gorritu eta hurren usaina ematen hasten denean dago gurina puntu-puntuan. Garrantzitsua da gazura ez erretzea, koipeak erre usain eta zapore desatseginik har ez dezan. Hondatu egingo zaigu bestela jakia. Gurin horretan sartuko ditugu mihiarrainak, azal ilunaren aldetik. Su eztian edukiko ditugu frijitzen, koipea erre ez dadin, horixe baita arrainei gainetik bota behar dieguna. 5 bat minuturen buruan, irauli –binaka egingo ditugu, zartagina zabal samarra bada– eta beste aldetik edukiko ditugu 4 bat minutuan, mamia hezurretik aise askatzeko moduan dagoela ikusi arte. Zartaginetik atera eta modu berberean jokatuko dugu beste bi mihiarrainekin.

Arraina egindakoan –lehenengo bi mihiarrainei labealdi bat eman ahal izango diegu mikrouhinetan, berotzeko–, ozpina erantsiko dugu frijitzen erabilitako koipeari, eta segundo batzuez edukiko dugu saltsa sutan murrizten, zukua loditu eta itxura hartu arte. Hondoa marruskatuko dugu ondoren, zartaginean gelditutako hondarra askatzeko. Gurina erantsiko dugu gero, mutur gutxi batzuk, eta, zartaginari eragin eta gero, perrexila erruz bota eta gatz pixka bat emango dugu. Zuku mamitsu honetaz garaztatuko ditugu mihiarrainak.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?