AHATE MAGRET ERREA SAGARREKIN

Osagaiak

  • 4 ahate magret edo papar, freskoak
  • 4 baratxuri ale
  • 4 sagar zuritu, atal loditan moztuak, zuztarrik gabe
  • Xorta bat limoi zuku
  • Kanela, ezpal bat
  • Mutur eder bat gurin
  • Zimiko bat azukre
  • Gatza

Errezeta


Koipearen aldetik hartuko ditugu paparrak eta sare bana ziztatuko diegu labana zorrotz batez, haragia ukitu gabe. Errazago desegingo da horrela koipea paderan. Su ezti-eztian paratuko dugu padera bat berotzen, eta hartan jarriko ditugu baratxuri aleak eta paparrak, koipearen aldetik. Poliki-poliki urtuko da koipe hori, eta metatzen den heinean aterako dugu guk paderatik, paparrak lehor eta koiperik gabe eduki behar baititugu lanean segitu ahal izateko. 20 bat minutu emango ditugu koipea horrela urtzen, magreta irauli gabe; su ezti-eztian egingo dugu lan hasieran eta biziagotuz joango bagara ere, sekula ez dugu kerik eragin dezan utziko.

Paparrean geratzen den koipe geruza huskeria dela, koipea urtu eta paparra egoki txigortu dela, ikusi orduko, irauliko egingo dugu paparra eta beste 30 bat segundoan utziko dugu alde horretatik egiten, gordin itxura gal dezan. Magreta txikiagotu egingo zaigu, tamaina galduko du. Ohol edo plater baten gainean utziko ditugu ondoren lau paparrak, eta plater batez estalirik edukiko ditugu 3 bat minutuan, barruko zukua modu berdinean bana dadin pieza guztian. Mozterakoan zuku gutxi aterako da jario horretan, haragi puskak ongi erre, egoki pausatu eta gatzik gabe maneatu direlako. Platerean dauzkagunean emango diegu gatza!

Sagar salteatu batzuekin aurkeztuko dugu magreta. Hona hemen nola prestatu. Padera bat su gainean daukagula, gurina jarriko dugu eta urtu ondoan aparra sortzen hasi orduko irauliko ditugu sagar atalak, limoi zukuan bustiak. Su ertainean salteatuko ditugu. Kanela adaxka eta azukrea gaineratuko dizkiegu ondoren, kolore gorrixka har dezaten, baina erre gabe. Lau bat minutu izango dira su gainean. Tanta batzuk calvados edo brandy erantsi ahal izango ditugu bukaeran. Erretiratu eta ahate papar errearen ondoan zerbitzatuko ditugu sagar hauek.



Iruzkinak

ez da ezer ulerten, 4 papara zer da holi

norbait @ 2018-05-11 11:25:21

Zer iruditu? Ondo atera zaizu?