MUSKUILU IRIN-ARRAUTZEZTATUAK

Osagaiak

  • 2 Kg muskuilu
  • Litro laurdena ardo zuri
  • Kaienako pipermina, mutur bat
  • Oliba olioa, frijitzeko
  • Irina eta arrautza
  • Baratxuri ale bat

Errezeta


Ur zurrusta hotzaren azpian garbituko ditugu muskuiluak, tentu eta kontu handiz. Baztertu egingo ditugu hondaturik edo zabalik daudenak, eta bizarretatik tiraka garbituko ditugu zikinenak.

Kazola tapadun batean isuriko dugu ardo zuria eta gaineratu kaiena muturra. Sutan jarri eta, isurkaria bor-bor hasi orduko, erantsiko ditugu muskuiluak. Kazola tapa dezagun ondoren. Minutu batzuen buruan erretiratuko ditugu zabaldutako muskuiluak.

Egoste salda arrain zopa edo arraina saltsan egiteko gordeko dugu, nahi bezala, baina ez arren bota!

Padera batean olio pixar bat isuri eta su ezti-eztian ipiniko dugu baratxuri ale oso bat, zuritu gabe, berotzen, baratxuriak bere lurrinez kutsa dezan olioa. Minutu batzuen buruan, biziagotu egingo dugu arian-arian sua, kea ateratzen utzi gabe.

Paderaren ondoan edukiko dugu plater zapal bat, irinarekin, eta beste txokon bat, arrautzarekin. Oparo igurtziko ditugu muskuiluak irinetan, eta arrautzatan pasatuko ditugu ondoren. Oratu eta olio berotan murgilduko ditugu. Iraulka erabiliko ditugu, 10 segundoz frijituz alde bakoitzetik, eta paper xurgagarrian pausatuko ditugu ondoren. Horrela frijituko ditugu guztiak, azkena egin arte. Zuhur jokatuko dugu betiere olioaren tenperaturarekin eta oparo azalduko gara arrautza joa ematerakoan.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?