MUSKUILUAK SALTSA BERDEAN

Osagaiak

  •  2 Kg muskuilu
  • 6 baratxuri ale, xaflatan
  • Litro laurdena ur bero
  • 5 koilarakada oliba olio birjina
  • Perrexil pikatua
  • Koilarakada apal bat irin
  • Zorrotada bat ardo zuri

Errezeta


Kazola zabal apal batean jarriko dugu baratxuri xehatua eztitzen. Dantzan hasi denean, gorritu gabe, erantsiko dugu irina. Koilara batez nahasiko dugu. Ardoa eta ur beroa isuriko ditugu ondoren. Minutu batean edukiko dugu guztia irakiten. Muskuiluak erantsi eta berotasun horretan edukiko ditugu, ireki arte (tapa batez estaliko dugu, ahal izanez gero, kazola). Ireki ahala aterako ditugu muskuiluak kazolatik; halatan, irekitzen zailak direnek jasango duten berotasun handiak ez ditu irekitzen errazak direnak hondatuko. Muskuiluren bat egoskor azaltzen bazaigu, hobe da baztertzea.

Guztiak ireki bezain laster, iragazi egingo dugu muskuiluen zukua, hondar arrasto guztiak ezabatzeko, eta murrizten utziko dugu gero, oso arin badago, edo ur nahiz ardo zuri poxi bat erantsiko diogu, lodiegi sumatzen badugu. Kazolara bihurtuko ditugu ondoren muskuiluak, eta perrexila emango diegu gainetik.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?