IGEL HANKA SALTEATUAK

Osagaiak

  • Kg bat igel hanka garbi, eskeletotik bereiziak
  • 4 baratxuri ale, pikatuak
  • Eskukada bat perrexil, pikatua
  • 8 koilarakada oliba olio
  • Limoi bat, lautan zatitua
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Animaliaren gorputzarekin batean aurkezten dira igel hankak, makilatxo batean sarturik. Guraize batzuen bitartez bereiziko ditugu hanka mamitsu sendoak animaliaren gorputzetik (bota egingo dugu hau). Garbitu, gatza eman eta piperbeltza erantsiko diegu, errotatxo batez.

Padera batean oliba olioa isuri eta su bizian frijituko ditugu, erre gabe, baratxuri pikatuak. Gorritzen hasi orduko gaineratuko ditugu igel hankak eta, su bizian betiere, alde guztietatik gorritzen utziko ditugu, haragi txigortuaren kolorea hartu arte. Gure suaren bizitasuna horren handia ez bada, edo etxeko padera txikia bada, bi edo hiru txandatan gorrituko ditugu hankak, erregos ez daitezen, egoki friji daitezen. Perrexil fresko pikatua hautseztatuko dugu haien gainetik, sutatik atera baino lehen.

Baratxuritan txigortu eta gero, xukaturik aurkeztuko ditugu erretilu batean, lautan zatitutako limoi batekin. Limoi zukua garaztatuko dugu haien gainetik, garratz xamar gustatuz gero.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?