FOIE-GRAS SALTEATUA SAGARREKIN

Osagaiak

  • Mutur bat gurin
  • 6 sagar, zurituak eta ataletan moztuak (limoi zukuaz garaztatuko ditugu belztu ez daitezen)
  • Pixar bat azukre beltz
  • Xorta bat moskatel
  • Xorta bat sagar-likore
  • 8 xerra lodi ahate foie-gras edo gibel fresko, 100 bat g bakoitzak
  • Gatza eta piperbeltza, eho berria

Errezeta


Gurina eman eta su gainean jarriko dugu padera. Sagarrak erantsi eta karamelatzen edukiko ditugu hamabost bat minutuan, su ertainean beti ere. Haien ondoan erantsiko dugu azukrea. Ongi nahasi eta paderatik aterako ditugu sagar atalak. Txigorturik behar dute egon. Paderaren hondoan geratu zaigun zukuari moskatela erantsiko diogu eta murrizten utziko dugu ondoren, su bizian. Saltsa arin bat osatu arte edukiko dugu irakiten. Mutur bat gurin eta tanta batzuk sagar-likore gaineratuko ditugu gero.

Gatza eta piperbeltza eman ondoan, padera bero batean ipiniko ditugu lau zati foie-gras, su bizian. Alde guztietatik gorritu direnean, biraka erabili eta eztitu egingo dugu sua. Padera alde batetik goratu eta bere koipean bustiko dugu gibela. Bizpahiru minutu emango ditugu honetan. Paderatik atera eta paper xurgagarrian ipiniko ditugu gibel puskak. Beste hainbeste egingo dugu gainerako lauekin. Gibelaren gainean ipiniko ditugu sagar salteatuak eta zuku egin berriaz bustiko dugu guztia.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?