OILASKO ERREA LIMOIAREKIN

Osagaiak

  • 2 oilasko eder, erretzeko prestatuak, garbiak
  • Limoi bat, bitan zatitua
  • Limoi erdi baten zukua
  • 2 baratxuri-buru
  • Gatza eta piperbeltza, eho berria
  • 2 baso ur

Errezeta


Labeko erretilu handi batean jarriko ditugu barreiaturik baratxuri aleak, oilaskoak garbitu ondoko lepoa eta hegalen muturrak, eta oilaskoak saiheska ipiniko ditugu erretiluan, bakoitzari limoi erdi bana barruan sartu ondoren. Urez garaztatuko ditugu oilaskoak.

Labean sartuko dugu erretilua 200º-ko tenperaturan eta 20 minutuan edukiko ditugu erretzen oilaskoak. Denbora hori igaro ondoren, ireki egingo dugu labeko atea, atera duten zukuaz garaztatu, eta jada errea dagoen saihetsaren gainean ipiniko ditugu oilaskoak, beste 20 minutuan. Horren ostean, labea ireki eta beren paparren gainean egokituko ditugu oilaskoak, bizkarraldea gora begira utzirik, eta erretzen utziko ditugu beste 20 minutuan. Atera duten zukuaz garaztatuko ditugu berriro ere oilaskoak tarte horretan. Azkenik, denbora-tarte hori igaro ondoren, papar aldea gora dutela jarriko ditugu oilaskoak, eta utzi egingo ditugu erretzen ondo txigortu arte. Behar izanez gero, erantsi egingo diegu ur pixka bat erretzen ari diren bitartean, egarri direla eta lehortzen ari direla ikusten badugu betiere. Heze egon behar dute beti.

Plater batean ipini eta aluminio-paper orri batez estaliko ditugu oilaskoak, eta pausatzen utziko ditugu 15 bat minutuan. Orduan zatitu egingo ditugu oilaskoak, lau izter eta lau paparretan. Erretilu bero batean ipini eta ogi xerra txigortuekin aterako ditugu mahaira oilasko zatiak, ogian baratxuri erreen mamia igurtzi ondoren.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?