OILASKO PAPARRAK URDAIAZPIKO ETA GAZTAREKIN

Osagaiak

  • 8 oilasko papar xerra, liburu gisa irekiak, bete ahal izateko
  • 8 urdaiazpiko xerra, egosia edo iberikoa, aurrekontuaren arabera
  • 8 gazta xerra fin, gazta koipetsua, urtzeko modukoa
  • Oliba olioa
  • 4 baratxuri ale, zanpatuak
  • Irina eta arrautza joa
  • Gatza
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Mahai baten gainean gatza emango diegu oilasko papar irekiei. Urdaiazpiko xerra bat ipiniko dugu paparraren erdian, eta gazta xerra bat jarriko dugu haren gainean. Itxi egingo dugu paparra ondoren, ondo itxi ere, urdaiazpiko eta gazta betegarria barruan gera dadin. Gatza emango diogu paparrari kanpoaldetik.

Padera batean sutan jarriko ditugu baratxuri aleak eta behatz bat olio, paparrak frijitzeko. Su eztian berotzen utziko dugu olioa, baratxuri zaporea har dezan, eta pixkana-pixkana bizitu egingo dugu sua oso bero egon arte. Atera egingo ditugu baratxuriak eta olio horretan frijituko ditugu aurrez irin eta arrautzatan pasa ditugun paparrak, ongi txigor gera daitezen arte. Ondoren xukatu egingo ditugu paparrak.

Gernikako piper berde ugarirekin edo entsalada berdearekin aterako ditugu mahaira. Horrez gainera patata frijituak jartzen badizkiegu, aupa erreala. Paparrak arrautzatan busti baino lehen baratxuri xehatu pixka bat eta perrexil xehatu ugari eransten badizkiogu arrautzari, are zapore gozoagoa izango dute paparrek frijitu ondoren.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?