OILO ENPANADATXOAK

Osagaiak

  • 20 disko ore, enpanadatxoak egiteko
  • Tipulin bat, pikatua
  • Porru bat, pikatua
  • 3 baratxuri ale, pikatuak
  • 3 koilarakada oliba olio
  • 600 g oilo haragi, txikitua (zopa egin badugu, balia dezakegu erabilitako haragia, larrutu ondoren)
  • Arrautza egosi bat, pikatua
  • 8 koilarakada tomate saltsa
  • Perrexil xehatua
  • Arrautza bat, joa
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Padera batean ipiniko ditugu olioa, baratxuri aleak, zimiko bat gatz eta tipulina, eta su ezti-eztian jarriko dugu guztia. Astiro-astiro egiten utziko ditugu barazkiak 20 bat minutuan. Haien ostean, sua bizitu eta erantsiko diogu haragi pikatua edo papurtua, eta guztia egiten utziko dugu 20 bat minutuan (gordinik badago. Egosia badago, aski da berotzeko une batzuetan biraka erabil dezagun), zurezko zaliari eragiteari utzi gabe, haragia trinkotu gabe eta solte gera dadin. Gatza eman eta erantsiko diogu tomatea, eta urritzen utziko dugu ondoren, haragia xamur eta lodi geldi dadin, baina trinkotu gabe. Orduan erantsiko dizkiogu arrautza pikatua eta perrexila. Hozten utziko dugu betegarria.

Mahai gainean luzatuko ditugu enpanadatxoak egiteko disko oreak, eta koilarakada eder bana betegarri ipiniko diegu barnean. Jotako arrautzaz margotuko dugu ertz osoa, eta sardexka baten hortzekin itxiko ditugu diskoak, ilargi erdiak balira bezala. Ongi estali eta hozkailuan pausatzen utziko ditugu enpanadatxoak.

Bi aukera ditugu ondoren. Koipe gutxiago izan dezaten, arrautzaz erabat margotu eta labean erre ditzakegu 200º-ko tenperaturan, 15 bat minutuan, gainazala gorri geratu arte, edo betiko moduan egin ditzakegu bestela, olio bero ugarian frijitu eta ongi xukatu.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?