ORBURU EGOSIAK PROVENTZAKO BARIGOULO ERAN

Osagaiak

  • 24 orburu
  • 8 baratxuri ale, osorik
  • Tipula bata, xerratan moztua
  • Apioa, adaxka oso bat
  • 2 azenario, zuriturik eta xerratan
  • 10 koilarakada oliba olio
  • 10 koilarakada ardo zuri
  • Litro bat ur
  • Pastilla bat haragi-salda, ona
  • Perrexila, xorta bat
  • Erramua, hosto bat
  • Ezkai freskoa, adaxka bat
  • Gatza
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Orburuak garbituko ditugu, lehenik. Kanpoko hostoak erauzi eta zurtoinaren oinaldea zurituko dugu, orburuaren mamia eta zurtoin zuritua geldituko zaizkigun arte. Izerditan jarriko ditugu gainerako barazki guztiak oliba oliotan eta perrexila, erramua eta ezkaia erantsiko dizkiegu ondoren. 15 minutuan edukiko ditugu gisa horretan, kolorerik hartzen utzi gabe. Orduan gaineratuko ditugu orburuak, osorik edo bitan eginak, nahiago bezala, eta su ezti hartan edukiko ditugu minutu batzuetan. Ardo zuriaz eta uraz busti, haragi-salda erantsi eta gatza emango diogu guztiari, ez gehiegi ordea. Kazola tapaz estali eta egosten edukiko dugu dena orburuak xamurtu arte (20/30 minutu).

Salda hartan berean utziko ditugu orburuak hozten eta erreserbatu egingo ditugu ondoren. Ongi xukatu eta hotz, epel nahiz bero jan ahal izango ditugu orburuak, oliba olio birjina pittin batekin edo maionesa saltsarekin maneatuak. Orburuak egosteko modu bat azaldu dugu. Horretatik aurrera, saltsan zerbitzatuko ditugu, edo txirlekin, eta abar.

Orburuak jateko modu oso gustagarria dugu egosi diren saldarekin maneatzea. Iragazi eta gero, kazolan isuriko dugu berriro salda, orburuak doi-doi estali arteraino. Kazola ongi berotutakoan, oliba olio birjina zorrotada eder batez igurtziko dugu guztia eta limoi azal baten arraspak barreiatuko ditugu ondoren gainetik. Koilaraz jan itzazue. Izugarri goxoak dira, benetan!



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?