PASTA TOMATEAREKIN

Osagaiak

  • 700 g pasta, egosi berria, nahi dena (saltsa daramaten plater mota honetarako espagetiak edo tagliatelleak dira egokiak)
  • 4 tomate handi, helduak, zurituak eta dadotan moztuak
  • Tipulin handi bat
  • 2 baratxuri ale, txiki-txiki eginak
  • Oliba olioa, 2 koilarakada handi
  • Perrexil xehatua
  • Gatza eta azukre pixka bat
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Kazola batean olioa jarri eta su motelean tipulina eta baratxuriak frijituko ditugu, gatz pixka batekin. Orduan, 20ren bat minutu iraganik, tomatea gehituko dugu, gatz eta azukre pixka batekin, eta egin dadila dena su motelean tomateak bere zuku guztia atera arte, zaporea hartu arte. Horretarako, lurrundu egin beharko da askatzen duen ura. Gutxi gorabehera ordubete beharko dugu, su oso motelean betiere. Orduan pasta egosi berria eta xukatua gehituko dugu, eta tomatearekin salteatu dadila. Perrexila par-par bota gainetik eta zerbitzatu.

Tomate saltsari, egiten ari denean, ezkai, oregano edo erromero adaxka bat botatzen ahal diogu, tonu misteriotsu eta kartsua iritsi dezan. Pasta gehitu baino lehentxeago, kendu egingo dugu adaxka hori, zaporea nahi baitugu, ez adaxka jan.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?