Osagaiak
Errezeta
Albahakari hostoak kendu, eta zerrendatan zatituko ditugu lehenik. Gorde egingo ditugu zurtoinak. Bananak zuritu eta dado txikietan zatituko ditugu ondoren. Banana zatiak ontzi batean ipini, eta erantsiko ditugu limoi berdeen birrindura eta zukua eta albahaka hosto zerrendak. Hozkailuan gordeko dugu nahastura ontzi berean.
Horren ostean, irakiten ipiniko ditugu ura, azukrea, bainila ireki eta aletua eta albahaka zurtoinak. Irakiten hasi orduko, sutatik atera, eta estali egingo dugu kazola. Hozten utziko dugu ondoren. Hozkailuan sartuko dugu, ongi freskatu dadin, edo bestela, ur hotz eta izotzetan sartu dezakegu zopa, prozesua azkartu nahi badugu. Orduan nahasiko ditugu zopa hotza, ontzian gordetako fruta, eta pikuak, zuritu eta laurdenetan zatituak.
Hotz-hotza jatea da postre honen arrakasta. Ordu batzuk lehenago egin eta hozkailuan gordetzen badugu, bikaina egongo da benetan. Horrez gainera, mahaira ateratzerakoan andere-mahats freskoak, masusta edo mugurdi freskoak edo basamarrubiak botatzen badizkiogu gainetik, aparta egongo da benetan. Guztiaren erdian limoi edo laranjazko izozki bat ipintzen badugu, berriz, Santa Katalina Sienakoa agertuko zaigu aurrean.