PIPER BERDE BETEAK ENTSALADAN

Osagaiak

  • 12 piper berde luze, ahalik eta leunenak (zimur gabeak)
  • Oliba olioa frijitzeko
  • 2 piper berde, luzetara moztuak
  • 4 tipulin eder, zerrendatan moztuak
  • Baratxuri ale bat
  • Oliotan edo ozpinetan kontserbatutako hegaluze ongi hautatua, 8 puska
  • Tomate saltsa, 6 koilarakada
  • Perrexil xehatua
  • Gatza
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Piperrak garbitu eta lehortu, dauden bezala, zurtoinak eta haziak kendu gabe. Jarri olioa suelto zartagin batean eta su bizira hurbildu. Berotzen denean, piperrak kontuz paratu zartaginean, frijitzen utzi, oliotik atera eta azala aise kentzeko punturaino. Ez dute ilundu behar; kontuz, beraz. Epeltzen direnean, eskuartean erabiltzeko moduan direnean alegia, zurtoina eta azala kendu, azalari zimikoak eginez, eta baba moduan altxatuko baita, tira handik mamia agerian geldi dadin. Kontuz ireki eta haziak kendu. Bitartean betegarria prestatu.

Frijitzerakoan erabilitako olio pixka bat jarri kazola batean eta suberatu bertan piper berde zerrendetan moztuak, tipulinak eta baratxuri xehatua, gatz pixka batekin. Su eztian egiten utzi 30 minutuz, eta pixka bat gorritzen hasten utzi. Bitartean, hegaluzeari salda kendu, eta izpitu. Barazkia egin denean koipea kendu, katilu batean jarri eta hegaluze izpituarekin eta tomate saltsarekin. Bat egin dadila, eraginez, eta perrexil xehatu pixka bat gehitu. Gatz puntua probatu, eta zuzendu, behar izanez gero. Hor dugu piperren betegarria. Orduan, kontu handiz, bete piperrak; ez daitezela hautsi edo lehertu. Piperraren alde irekia, betegarria sartzeko erabilitakoa, beherantz paratu, ezkutuan gera dadin.

Erretilu batean paratu eta ozpin saltsaz edo allioli mehe-mehe batez ongi zipriztindurik.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?