PIPERMINAK OZPINETAN JARTZEN

Beharrezkoak

  • 9Kg pipermin fresko eta erdi neurriko
  • 10 l sagardo-ozpin
  • 4 l alkohol zuriaren ozpin
  • Gatza, eskukada bat

Errezeta


Ur hotzean garbituko ditugu piperminak, lurrez eta lohiz zikinduak egoten direlako. Lehortu. Gatzarekin nahasiko ditugu ozpinak. Potetan edo aho zabaleko flaskotan sartuko ditugu piperminak, estu baina leku zabala hartuz, egoki estali ahal izateko.

Gazitutako ozpinen nahasturaz estaliko ditugu ondoren piperminak, eta 45/60 egunetan egongo gara jan ahal izan arte. Ozpinaren garraztasunari esker, bizi luzea dute ozpinetan jarritako piperminek, baina komenigarria da haien kontsumoa urtebete baino areago ez luzatzea eta gune fresko ilunean edukitzea, argi eta berotasunetik urrun, soto batean adibidez.

Ozpinetatik atera eta erabil ditzagun. Oliba olio birjinaz igurtzita eta gatz pixka batez jaten dira maiz, babarrun edo potxen ondoan, edo pintxoen osagai gisa.

Oso zaharra da kontserbaren barruan zakutxo bat gari edo txitxirio sartzeko ohitura. Donostiako Gros auzoko Bodega Donostiarra taberna ospetsuko Migelek kontatu digun bezala, zale batzuk estimu handian duten kolore horixka ematen dio kontserbari.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?