TATIN SAGAR TARTA

Osagaiak

  • 6 golden sagar, zurituak eta lau puskatan zatituak, barruko zuztarra kendu eta limoi zukuaz igurtziak
  • 125 g gurin bigun
  • 150 g azukre-hauts
  • Bainila adaxka bat, irekia eta aletua
  • 250 g hostore, tartaren moldearen neurriko disko mehe batean luzatua.

Errezeta


Burdinazko padera bat erabiliko dugu tarta hau labean sartzeko, plastikorik gabea, lasai asko labean sartu eta etxea erretzeko moduko istilurik sor ez dezagun. Gurinez igurtziko dugu padera lehenik, oparo igurtzi ere hondoan eta bazterretan.

Bainila adaxka bitan banatu, eta aterako ditugu barruko aleak ondoren. Aleak eta azukrea irabiagailuan sartu eta indar betean txikituko ditugu bertan, bainila-azukre usaintsua lortu arte. Azukre horren zati bat hautseztatuko dugu gero, aurrez gurinez igurtzitako paderaren hondoan. 12 sagar zati ipiniko ditugu hondoan, estu-estu ipini ere, eta hautseztatuko dugu azukre gehiago gainetik, gurin zati batzuez gainera. Bigarren sagar geruza bat ipiniko dugu ondoren gainean, geratzen zitzaizkigun 12 zatiak amaitu arte. Azukrea hautseztatuko dugu berriro ere, geratzen zaigun azukre guztia bukatu arte, eta beste gurin puska batzuk ere ipiniko ditugu gainetik.

Padera aluminio-paperez estali, eta sartuko dugu labean, 160º-ko tenperaturan, 2 bat ordutan, sagarrak beren zukuan karamelu bihur daitezen arte. Egoste puntua neurtzeko, aski izango da labana baten ahoa sartzea. Labanak erraz sartu behar du, eta kolore gorri polit eta erakargarria hartu behar dute sagarrek. Aluminio-papera kenduko dugu ondoren. Padera labetik ateratzerakoan ikusten badugu sagarrak beren zukuan igerian dabiltzala, ipiniko ditugu su eztian, zukua urritu eta hondoa lehor gera dadin arte.

Labetik kanpo utziko ditugu padera eta sagarrak, giroko tenperatura har dezaten. Horren ostean, hostorea moztuko dugu, paderaren inguruaren neurri berean, edo pixka bat handiagoa. Hostoreak ez du, inolaz ere, padera baino txikiagoa izan behar, erretzean uzkurtu egiten baita eta sagarrak agerian geratuko bailitzateke. Hostorea sagarren gainean ipini, eta ertzak beherantz okertuko ditugu, ongi estutuz, sagarren inguruan gera dadin. Sardexka batez ziztatuko dugu ondoren, sagarrek ateratzen duten lurruna kanpora irten dadin, eta berriro ere labean sartuko dugu tarta, 170º-ko tenperaturan, 30 bat minutuan. Hostore guztia ongi txigortu ondoren, labetik atera eta utziko dugu hozten. Tarta ateratzeko, sutan jarriko dugu padera 30 segundotan, bigundu eta sagarrak karamelutik aska daitezen. Platera baten gainean irauliko dugu ondoren, tortilla bat balitz bezala. Errezetan ikusi duzuen bezala, tarta hau alderantziz erreko dugu labean.

Modu berean egin dezakegu halaber mertxika, abrikot edo aran eder batzuekin, eta baita udareekin ere.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?