SALTSA BIZKAITARRA

Osagaiak

  • 1,1 kg tipula zuri, zerrenda mehetan moztua
  • 1,1 kg tipula gorri, zerrenda mehetan moztua
  • 3 baratxuri ale, osorik eta zurituak
  • 3 ale piperbeltz
  • 12 koilarakada oliba olio
  • Urdaiazpikoaren hezurra, puska txiki bat, edo bestela urdai iberiarra, puska eder bat
  • Sorta bat perrexil zurtoin, hariz ongi lotua
  • 18 piper txorizero

Errezeta


Alde batetik, kazola eder batean jarriko ditugu osagai guztiak, piperrak izan ezik. Su eztian jarri eta ordu andana eder batean utziko dugu guztia gozatzen. Barazkiak ilun eta deseginik geratuko dira (su gainean 4 ordu behar direla badiogu, erotu garela esango digute, baina astia izanez gero hobe horrela jokatzen badugu).

Bitartean, txortena eta haziak kenduko dizkiegu piper txorizeroei. Kazola batean pausatu eta urez estaliko ditugu ondoren. Su eztian edukiko ditugu, irakiten hasi arte. Une hartan aterako ditugu sutatik; xukatu eta, urez estali ondoren, sutan jarriko ditugu berriro. Beste behin errepikatuko dugu operazio hau. Epeltzen utziko ditugu ondoren; hala daudenean, koilara batez aterako diegu mamia piperrei, azaletik bereizita.

Barazkiak potxatu direnean, perrexil-sorta atera eta piper txorizeroen mamia erantsiko dugu. Biraka erabiliko dugu guztia, ongi nahasteko. Urdaiazpiko hezurra edo urdaia atera eta puregailutik edo irabiagailutik eta iragazki mehe batetik pasatuko dugu saltsa. Lodi badago, piperrak beraturiko ur pixka bat erantsiko diogu, arin geldi dadin.

Gatz-puntua neurtuko dugu ondoren, behar badu emateko. Ohartuko zineten bezala, gatzik ez diogu batere eman hasieran, nahikoa baitu saltsak urdaiazpiko hezurrak edo urdaiak erantsiko dionarekin. Urdekirik ez badugu erantsi behar, gatza eman ahal izango dugu hasieratik.

Bada bukaeran, xehatu aurretik, saltsari maria gaileta bat eransten dionik, ongi lodi dadin, baina ez du behar.

Saltsa honetaz maneatuko dugu bakailaoa, prestatuko ditugu barraskiloak, gozatuko ditugu txahal mutur egosi eta irin-arrautzeztatuak edo bustiko ditugu txerri hanka egosi eta irin-arrautzeztatuak.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?