TIPULA SALTSA

Osagaiak

  • 3 tipula, zerrendatan moztua
  • Haragi salda kontzentratua, pastilla baten muturra
  • Mihilu erraboil erdi bat, zerrendatan moztua
  • Xorta bat oliba olio
  • Baso erdia ardo zuri
  • Gatza
  • Ura

Errezeta


Kazola eder batean zorrotada on bat olio eta hartan jarriko ditugu, su bizian eztitzen, tipulak eta mihilua, zerrendatan moztuak, gatz pixka batekin. Halatan, bira eta bira etengabe eraginik, karamelatu egingo zaizkigu barazkiak. Kolore gorria hartzen hasi orduko, suaren indarra guztiz apaldu, kazola tapatu eta erregosten utziko ditugu barazkiak, xamur-xamur gelditu arte. 90 bat minutu beharko ditugu. Epe hori bukatu baino 10 minutu lehenago erantsiko ditugu salda-pastilla eta ardo zuria, eta su ezti-eztian utziko dugu guztia egosten. Ur pixka bat erantsi eta irakitan edukiko dugu kazola une batzuetan. Nahastura irabiagailutik eta iragazki mehe batetik pasa eta gatz-puntua zuzenduko dugu, behar izanez gero. Saltsa lodiegi badago, ur pixar bat erantsiko dugu arintzeko.

Hanburgesak, haragi-bola frijituak, edo arrain-solomo frijituak (atuna, hegaluzea, xapoa, oilarra, eta abar) aurkeztu ahal izango ditugu saltsa honetan.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?