Osagaiak
Errezeta
Bainila lekak ireki, luzetara, barrena marruskatu labana baten muturrarekin eta esnera bota. Eltze batean irakin eta gero, sutatik baztertuko dugu. Beste alde batetik, arrautza gorringoak eta azukrea nahasi eta arrautza joaren gainera iragazi esne irakina. Bainila lekak gorde egingo ditugu, beste noizbaiterako. Nahastura hori duen ontzia ur-bainuan paratuko dugu, baina zurezko zaliarekin eragiteari utzi gabe. Leun nahasi, pixkana-pixkana, 85 gradura ailegatzen den arte. Une horretan eltzea kendu beharko dugu ur-bainutik. Esnegaina gehitu eta ura izotz ugarirekin dugun beste ontzi batera pasatuko dugu, egosteko prozedura eteteko. Prozesu guzti-guztian ez utzi nahasteari.
Termometrorik ez badugu, egosia dagoen ala ez jakiteko modua zera dugu: behatza pasatu krematik atera berri dugun zalitik. Esnea baino lodixeago baldin badago, hau da, behatza pasatzean ildoa uzten badu, tenperatura egokira ailegatu den seinale da. Dena dela, esperientzia pixka bat baldin badugu, ur-bainua egin ez eta txapa beroaren gainean edo su motelean egin genezake krema. Nolanahi den, azken bi aukera horiek sukaldariak behar adinako esperientzia duenerako utziko ditugu.