Osagaiak
Errezeta
Udaren hasiera da sardinak erretzeko garai egokiena, sanjuanetan. Julio Cambak adierazi zuen bezala, "ez dira etxean, gure seme-alaben ama bertutetsuaren ondoan, jateko, emakume lagun arin eskandalosoarekin baizik. Jan ondoan, bizi guztiko gaiztotu ote den sentsazioa jabetzen da gutaz. Barruko harrak eta lotsak ez gaituzte ordudanik abandonatuko, eta gutxi izango dira Arabiako lurrin guztiak gure eskuak arazteko". Sardinak jateko alkandora hutsik jardun behar dugu, mantxaren beldurrik gabe, mahai-lagun onen ondoan.
Itsasotik etorri bezala erre behar dira sardinak. Uretan garbitu eta lehortu egingo ditugu ondoren. Hezurra, tripak, burua eta guzti paratuko ditugu arranparrillaren burdinetan. Hori bai, gatz larri eman diezaiegun, neurrian. Arian-arian erreko ditugu, txingarretatik aparte xamar, kiskal ez daitezen eta isuritako koipeak txingarretan eragindako keaz egoki lurrin daitezen.
Buelta eta buelta erre ondoren, ogi puska batean jasoko ditugu banan-banan, koipeak ogi mamia ongi busti dezan. Eskuekin jango ditugu eta guztiak barruan daramagun tripazainak tentazioaren atean jo orduko irentsiko dugu koipean bustitako ogia